XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gero uhalez egindako beste tresna arraro bat.

Aurrena sokaren mutur bat zubian lotzen hasi zen.

Bukatu zuenean, zeraman txandala kendu eta bainujantzitan gelditu zen.

Harridurak jo ninduen.

Ez nuen uste Izeba Maripik hain gorputz ederra zuenik.

Izterren artetik gerrira arteko uhaletan burniak jarri eta bertatik pasa zituen sokak, ondo lotuta gera zedin.

Gero guri eman zigun mutur bat.

- Nik esaten dizuedanean, askatzen hasi.

Oihu ozen bat bota eta zubitik behera jauzi egin zuen.

Ikuspegi zoragarria zen.

Lehenengo aldia zen inor puenting egiten ikusten nuela, artean ez nekien zer zen ere.

Ileak haizeetara, alde batera eta bestera kulunkaldi luze-luze hartan, Izeba Maripiren barrea besterik ez zen entzuten, bere itzalak beheko ur urdina urratzen zuen bitartean.

Minutu erdia joana izango zen askatu poliki-poliki entzun genionean.

Hala hurbildu zen uretara.

Igeriketaren azken besarkadaz ertza jo eta guganantz abiatu zen.

Zorion eta desafioaren ispilu ematen zuen bere aurpegiak.

- Orain zuek.

- Zein izango da lehena?